Donostia Zinemaldiaren 70. urteurrena ospatzen duen erakusketaren komisariotza. Omenaldia Zinemaldiaren garapenean lagundu duten pertsona eta erakundeei, horiek gabe ezinezkoa bailitzateke: hedabideak, proiekzio-aretoak, babesleak edo zinemaren industria bera, ahaztu gabe Donostia hiria eta, bereziki, kaleak eta zinema-aretoak betetzen dituen publikoa.
Imajinatu Zinemaldia esaldiak Donostiako merkatari batek duela 70 urte Cannesera egindako bidaia baten ondoren esan zituen lehen hitzei egiten die erreferentzia. Francisco Aranaz DarrĂ¡s bilera hartan izan zen eta hainbat urte geroago hunkituta aitortu zuen han zirenetako inork ez zekiela ezer zinemaz, baina, hala ere, ideia gustatu zitzaiela eta buru-belarri jarri zirela lanean.
Lehen irudi hura belaunaldi bakoitzak 70 urtetan zehar eman dituen ideia batzuen hasiera izan zen, Donostia Zinemaldia munduko garrantzitsuenetako bat eta hiriaren ezaugarri nagusietako bat bihurtzea lortu dutenak.
Imajinatu Zinemaldia Tabakalera eraikineko hainbat espaziotan zabaltzen den erakusketa da. Ikus-entzunezko instalazioen bidez, Alfonbra gorrian eta Photocallan barrena paseatu ahal izango dugu Zinemaldian izan diren pertsona ospetsuekin batera; ikus-entzunezko Aldizkari bat kontsultatu ahalko dugu, baita MediaTK interaktibo bat ere haren historiari buruzko xehetasunak ezagutzeko; Zinea batean eseri ahalko gara anekdotarik onenez gozatzeko, edo Publikoak 70 urtez Zinemaldian egin dituen eta erakusketa honetarako eskuzabaltasun osoz utzi dizkigun argazkiak ikusi.